Hasiera

Kilo bat istorio

Pertsonaia ezkutua

Erraz esaten da: orain dela 500 urte baino gehiago jaio nintzen Ordizian, 1508an. Seguru asko egin zidaten estatuari esker ezagutuko nauzue. Hori dela eta, batzuek santu beltza esan izan didate, baina ni ez nintzen ez santu ez beltz, abenturazale eta bidaiari amorratua baizik. Beharbada estatua ere horrexegatik mugituko zuten hainbeste: tren geltokiaren aldamenean, plazan, Zabale pareko bidegurutzean aspaldian…

Haurtzaroa Ordizian igaro nuen. Batzuetan Oria erreka handituta etortzen zen eta gogoan dut azokara etortzen ziren baserritar batzuek, hainbeste ur ikusita, nola pentsatzen zuten itsasoaren aurrean zeudela. Baina nik banekien ibaia zela, eta itsasoraino zihoala, Oriora hain zuzen ere, eta nik egurrezko itsasontzi txikiak egiten nituen urak haraino eraman zitzan. Eta banekien, era berean, tarteka herrian agertzen ziren kaioak eta itsas txoriak handixe etortzen zirela, itsasoa gaiztotuta zegoelako edo han ekaitza zelako. Nik esne zopak botatzen nizkien, eta marinela izango nintzela egiten nuen amets, esploratzailea, nabigatzailea. Egin kontu Elkano getariarrak munduari lehenengo aldiz bira egitea lortu zuenean, nik 13 urte nituela… Baina ezin egurrezko itsasontziak egitearekin etsi. Familia aberatsean jaio nintzen, gure aita Ordiziako alkate ere izan zen, eta kanpora bidali ninduten ikastera: latina, filosofia, gramatika eta, batez ere, matematikak. Serio demonio ikasi nuen eta, azkenean, Indonesiarano joatea lortu nuen, hain zuzen ere Elkanorekin, Espezien Uharteak esaten dieten lekuraino, Moluketaraino.

Nabigatzaile izatea lortu nuen, hortaz. Baina aita ere izan nintzen, han alaba bat izan bainuen. Militarra ere izan nintzen, Portugalen kontrako borroketan, eta azkenean Mexikon fraile sartu nintzen, azteken artean kristautasuna zabaldu nahian. Hala ere, Espainiako erregeak Filipinetarako espedizio batean parte hartzeko eskatu zidan eta hara ere joan nintzen. Itsasbide berri bat asmatu nuen handik Mexikora itzultzeko eta horrek eragin handia izan zuen orduko merkataritzan.

Nire bizialdian gorriak eta beltzak ikusi nituenez, alabak abentura haiek kontatzeko eskatzen zidan, batez ere, ur faltan, itsasoan gure gernua edan behar izan genuenekoa… Azkenean, leher eginda eta nire jaioterria gogoan, Mexikon hil nintzen, itsas bazterrean dagoen Acapulco hirian, 1568an.

Egia esan, orain dela 500 urte, horren baliabide gutxirekin, harrigarria da ikustea munduan zehar zer nolako bidaiak egiteko gauza izan ginen. Eta ni harrituta eta eskertuta nago herritarrok kale bati nire izena eskaini izanagatik, eta, duela gutxi, egin dizkidazuen omenaldiengatik. Agurtu aurretik, nire esker ona filipeneraz adierazi nahi nizueke: Salamat!!!

audio entzun

© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

gora itzuli