Hasiera

Kilo bat istorio

Marik niri kontatu bezala

Duela 500 urte, gaur egun Ordizia izenarekin ezagutzen dugun herria, gertaera izugarri baten kokalekua izan zen. Martxoaren 18a zen, osteguna. Herriko biztanleak eguneroko lanetan zebiltzala, ustekabean kanpaien soinu zaratatsua entzun zen, herritar guztiak estu eta larri jarri zituena. Zer gertatzen ote zen? Bai keak bai erre usainak agudo zabaldu zuten arrazoia: sute beldurgarri batek hartu zuen herria. Eta jendearen oihuak eta garrasiak edonon, animalien zalapartak bazter guztietan…

Hurrengo egunean herriak agertu zuen itxura ikazkin baten txondor ketsuarena zen: dena kiskalita zegoen, pertsona eta animalia asko hilda… Hura zoritxarra eta zorigaiztoa! Egoera larri hartan, Villafranca handik eta hemendik laguntza jasotzen hasi zen, Zumaiako batzarretik esaterako. Baina laguntza nagusiena Gaztelako erreginarengandik jaso zuen. Erregina honek Juana izena zuen -Juana la loca ezizenez ezagunagoa- eta nik ez dakit benetan erotuta zegoen ala ez; baina herriari, behinik behin, mesede galanta egin zion: orain dela 500 urte, asteazkenero, merkatu librea -zergarik gabea- egiteko errege baimena eman zion herriari. Ordiziako azoka bazter guztietan egin zen ezaguna eta, horri esker, bai bertako jendeak bai kanpokoak Ordiziako azokan beren produktuak saltzeko eta erosteko aukera paregabea izan zuen. Mende batzuk geroago, trena iristeak bultzada handia eman zion azokari. Astero-astero, urteak joan urteak etorri, azokak bizirik iraun du gaur arte. Horrela jarrai dezala urte askoan!”.

audio entzun

© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

gora itzuli