Hasiera

Kilo bat istorio

Mari

Aitona Peru artzaina da. Berak esaten du artzain izan denak sekula ez diola uzten artzain izateari, horretan ez dagoela erretiroa hartzerik.

Ni, berriz, kalekumea naiz. Horrexegatik atsegin dut aitona-amonen baserrira joatea, haiei laguntzea, haien istorioak eta kantuak entzutea.

- Hara, hara, badator gure Kattalingorri! —esaten du aitonak ni ikustean.

Kattalingorri esaten dit bai, hau da, amona mantangorri. Baina amonak Lamia esaten dit, edo Nere lamiatxoa. Sobra ere, ahate hankak dituzten emakumeak dira lamiak, emakume eder eta ile horiak. Urrezko orrazia omen daukate eta erreka bazterrean aritzen dira, orraztu eta orraztu.

Aitona Peruk eta amona Agedak gauza gehiago ere kontatzen didate, eta nik ere gaur badut zer kontatua, baina lehenago sekretua gordeko duzuela agindu behar didazue. Bai: Marabara, maraberi, kontakatilu hiztuna bertan hil bedi.

Egun batean, aitona-amonenean asteburu pasa nengoela, ni bakarrik geratu nintzen artaldea zaintzen. Baina baserrira jaisteko orduan, hasi naiz ardiak kontatzen eta bat falta ez zait ba…! Berriz ere kontatu nituen, baina bat falta! Hau komeria! Nire larri hartan, Bixkor txakurra artaldearekin utzi, eta bila hasi nintzen. Azkenean, Murumendi aldean, hara non marraka bat entzun nuen…

Ez dakit, ipuinean bezala, “Beeertan goxo, beeertan goxo” esaten ote zuen, baina hotsa kobazulo batetik ateratzen zen, eta ni hara jaitsi nintzen. Ezkutuka hurbildu nintzen, isilka, eta goru batekin ehuna egiten ari zen emakume eder bat ikusi nuen, ardia oinetan zeukala. Txora-txora eginda geratu nintzen, baina haren esanak are txoratuago utzi ninduen:

- Aizan, honaino etorrita, ez al dun sartu behar?

Eskerrak aitonaren ipuinak ezagutzen nituen, bestela ez bainuen jakingo emakume hura Mari zela, Anboton, Aizkorrin, Murumendin edo Txindokin bizi den Mari jainkosa.

- Nik, zera… Ni, ba… -atera zitzaidan, totelka-. Ardi hori nirea, zera, aitonarena dun -zorionez, ipuinen bitartez banekien Mariri hika zuzendu behar zaiola; bestela bertan harrapatzen zaitu.

- Bazakinat, bazakinat. Tira, hator hona. Halaxe ezagutu nuen Mari, halaxe jakin nuen gaur egun baztertu samar sentitzen dela, ahaztu samar.

- Usurbe mendian antena jarri zutenetik, jendea begiak erre beharrean egoten dun telebistaren aurrean, pantailatik begirik kendu gabe. Eta asko eta asko ez ditun gai ingurumarira begiratzeko ere.

Marik eskutik heldu zidan kanpora joateko, eta nik ardiari heldu nion. Baina ardia eta biok atzeraka irten ginen, bestela ezin baita Marirenetik atera. Eta hango ikusmira benetan aparta iruditu zitzaidan: Aizkorri, Aralar, Ernio eta Ordizia bera ere!! Zoragarria benetan.

Eta harrezkero, aitona-amonei bezala, tarteka Mariri ere egiten diot bisita. Eta haren ahotik Ordiziari buruzko hamaika kontu dakit. Berak ia dena baitaki. Harrezkero Bertangoxo deitzen diot ardiari. Eta ni ere halaxe sentitzen naiz paraje horretan: bertan goxo, bertan ezin goxoago… Baina ez ahaztu, hau guztia sekretua da, sekretu supersekretua: Marabara, maraberi, kontakatilu hiztuna bertan hil bedi.

audio entzun

© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

gora itzuli