Hasiera

Kilo bat istorio

Bertangoxo

Behin batez, aitona Peruren aitonaren aitonak atera zuen artaldea larrera, eta ardiei esan zien: ‘Larre ona daukezue gaur. Nahikoa jandakon, etorri etxea’. Baina ardiak iluntzean itzuli zirenean, artzainari aitortu zioten ez zutela batere belarrik jan. ‘Jaten hasten giñen bakoitzen, belarrak esaten ziun: Aurrera ta goxogo, aurrera ta goxogo… Ta egun guztin ibili ta ibili gu, ta ezertxore jan ez’.

Aitona Peruren aitonaren aitonak, orduan, esan zien: ‘Hurrena hoi esaten baldin baizue, zuek Bertan goxo esan, ta bertan geatu nahikoa jan arte’. Eta hurrengo egunean belarra Aurrera ta goxogo, aurrera ta goxogo… esaka hasi zitzaienean, ardiek Bertan goxo erantzun zioten. Eta iluntzean bapo janda itzuli ziren etxera.

Beharbada ez duzue jakingo, baina sekretua gordeko duzuela agintzen baldin badidazue, kontutxo bat esango dizuet: Marabara, maraberi, kontakatilu hiztuna bertan hil bedi.

- Hara: garai batean, gauza guztiek zekiten hizketan: belarrak, sasiak, arbolak, animaliek ere bai. Goroldioak ez beste guztiek. Baina gauza guztiak hari erakusteko bildu zirenean, mutututa geratu omen ziren. Eta harrezkero ez dute hizketan egiten.

Hala ere, batzuen ustez, oraindik ere belarra eta ardiak hizketan aritzen dira. Ardiak larrera ateratzen direnean, Aurrera ta goxogo, aurrera ta goxogo… esaten omen die belarrak, eta guk ardiak beeka aditzen ditugun arren, berez, Bertan goxo erantzuten omen dute.

Eta gogoratzen al zarete Mari jainkosarengana eraman ninduen ardi galduaz? Gogoan al duzue jarri nion izena? Asmatu duzue: Bertangoxo. Bai, Bertangoxo, behin baino gehiagotan galdu zaidan ardi bihurria…

 

Joxe Arratibelen ipuinaren moldaketa (Kontu zaharrak)

 

audio entzun

© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

gora itzuli