Hasiera

Kilo bat istorio

Amona Agedaren kontuak

Gaur egun denek Ordiziako azoka esaten dute, baita nire iloba Kattalinek ere. Txikia izan arren, nere lamiatxoak asko daki. Badaki, esate baterako, azoka hitza arabieratik datorrela, zoco hitzetik nonbait. Zeinek esan, ezta? Nik, berriz, Bilaprankako perie esan izan dut, eta perie hitza latineko feriatik omen dator, eta nik hala esaten jarraituko dut. Bai, nik Ordiziko perie izugarri maite dut. Urteetan joan izan naiz eta oraindik ere joaten naiz ahal dudan guztietan.

Makina bat lan egin behar izan dut aurretik. Baratzean barazkiak landatu —letxugak, azelgak, azak, porruak, patatak—, gero hauek bildu, garbitu… Oiloei eta oilaskoei jana eman, arrautzak kontuz-kontuz jaso… Untxiei ere jana eman eta, eta… Bukaezina! Eta ni bezalaxe hamaika emakume aritu izan da lan eta lan!

Gaur egun autoak dauzkagu, baina garai batean halakorik ez, eta astoa edo behorra majo kargatuta jaisten ginen baserrietatik gure produktuak perian saltzera. Nik Ordiziako plaza estalita ezagutu dut, baina nire ama Joxepak estali gabe ezagutu zuen eta makina bat aldiz erabat bustita eta hotzak akabatzen itzultzen zen baserrira. Inguruko herrietatik ere etortzen zen jendea trenez, saskiak besapean hartuta. Lan asko egin behar izaten genuen, baina hala ere pozik. Kalera jaisteko eta jendarekin kontu batzuk esateko aukera ezin hobea zen guretzat asteazkeneroko perie. Lagunarte ederrean egoten ginen, bai horixe! Gizonezkoak ere bai, noski, baina haiek ganadu, arkume edo txerri artean, edo taberna inguruan!

audio entzun

© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

gora itzuli