Hasiera

Herritarrak protagonista: gu egile, gu eragile

Lapurren leizea

Behin baziren bi anaia, bakarrik eta ahal zuten bezala bizi zirenak. Zaharrenak oso atsegin zuen ehizan ibiltzea eta egun batez mendira joan zen. Ibilian-ibilian, konturatu gabe iluna sartu zitzaionez, gaua bertan igarotzea erabaki zuen. Baina oihaneko piztien beldur baitzen, badaezpada ere lotarako zuhaitz batera igo zen. Eta han zegoela, inguruan baten bat hizketan sumatu zuen. Hizketan ari zirenak lapurrak ziren eta zuhaitz ondoko leizezulo batean zuten ezkutalekua.

—Abrite portas, klis, klas! —esan zuen lapurren buruak, eta leizezuloa zabaldu egin zitzaion.

—Zerrate portas, klis, klas! —esan zuen lapur guztiak irten zirenean.

Lapurren artean bazen gazte bat, taldekide bati honela galdegin ziona:

—Hitz horiekin ateak hain erraz zabaltzen badira, ez al ditu norbaitek entzungo eta hor daukagun guztia ostuko?

—Bai —erantzun besteak—, sartu izan dituk horrela, baina sukaldera joan eta usain goxoa daukan eltze txikitik jaten dutenak, horiek ez dituk irteten, ez ditek ateak zabaltzeko hitzik asmatzen, izan ere han kristau haragia zagok. Eltze handian dagoen haragitik bakarrik jaten dutenak, horiexek irteten dituk, izan ere han behi haragia zagok, baina orain arte ez duk horrelakorik gertatu.

Eta hori guztia izan zen anaia zaharrenak zuhaitzetik entzun zuena. Eta lapurrek alde egin bezain laster, leizeko ate ondora jakinminez joan, entzundako hitzak errepikatu eta sartu egin zen. Mutila ahoa bete hortz geratu zen, hainbeste aberastasun zegoen. Baina ikusi zituen urre eta zilar haietatik zaku bat besterik ez zuen bete, eta hori leizezuloan bertan zegoen kortako zaldi bikain bati zamatu zion. Horren ostean, sukalderaino inguratu eta, lapurrei entzun bezala, eltze handitik jan zuen.

—Abrite portas, klis, klas! —esan zuen gero, leizezuloko ateak zabaltzeko.

—Zerrate portas, klis, klas! —esan zuen kanpotik ateak ixteko.

Lapurrak leizulora itzultzean, harriduraz ohartu ziren han norbait ibilia zela. Zoko-moko guztiak miatzen hasi ziren, baina alferrik; gero, eltze txikiko haragi guztia han zegoela ikusirik, etsi egin behar izan zuten. Mutilaren anaia gaztea ere izugarri harritu zen ondasun haiek ikustean. Baina jakinminarekin batera, dirugosea ere piztu zitzaion. Eta hainbeste tematu zitzaion anaia zaharrari, azkenean hark den-dena kontatu behar izan baitzion. Anaia gaztea tximistotsean abiatu zen orduan eta, leizezulora iristean, zuhaitz batera igo eta lapurrak joan arte itxaron zuen. Horren ostean, hitz egokiak esan eta leizezulora sartu zen.

Ondasun pila hura ikusirik, anaia gaztea ere ahoa bete hortz geratu zen. Baina zakukada batekin aski ez, eta bospasei zaku bete zituen gero beste hainbeste zalditan garraiatzeko. Amaitutakoan, nekatua eta gosetua zenez, sukaldera inguratu eta han mesfidantza sortu zitzaion: beharbada anaiak gezurra esan zion, beharbada aberastasun guztiekin geratu nahi zuen, beharbada bera hiltzea nahi zuen. Eta zalantzak joa, badaezpada ere bi eltzeetatik jan zuen. Eta ate ondora heldu zenean, “Zerrate portas, klis, klas!” besterik ez zitzaion ateratzen, ezin bada “Abrite portas, klis, klas!” esan…

Bere larri hartan, mutilak zakuak deskargatu, urre-zilarrak eta zaldiak beren tokietan utzi, eta babesleku bila hasi zen. Luze gabe, hildakoz betetako zulo bat topatu zuen: seguruenik hara lapurretan sartutako guztiena… Eta izerdi hotza atera zitzaion arren, bere burua biluztu eta hantxe babestu zen.

—Berriro ere gizon usaina zagok hemen —esan zuen lapurren buruak heldu zirenean—. Goazen sukaldera, norbaitek eltze txikitik jan ote duen ikustera.

Eta handik baten batek jan zuela ikusirik, bila eta bila hasi ziren. Baina ez baitzuten inon aurkitzen, badaezpada ere hildakoen toki hartara ere joan ziren. Lapur batek burruntzi bat hartu eta gorpuak zulatzeari ekin zion. Beldurraren beldurrez, mutila altxatu behar izan zuen eta lapurrek jo eta bertan akabatu nahi izan zuten. Hala ere, mutilak anaiaren berri eman zienean, apur batean itxarotea erabaki zuten: haiei ez zitzaien komeni ateak zabaltzen zekien inor bizirik egotea…

—Ni halako herrian, halako etxean bizi naiz eta, gauez etortzen bazarete, nik neuk zabalduko dizkizuet ateak anaia harrapa dezazuen —esan zien mutilak leizezulotik joan aurretik; etxera heldutakoan, ostera, anaia zaharrari esan zion:

—Hala eta hala gertatu zaidak, eta hilko ez baninduten, lapurrei dena esan behar izan zieat.

Asko pentsatu ostean, azkenean ahal zuten olio gehie

—Zer dago hor behean? —galdegin zion anaia gazteari.

—Horixe duk zuek bilatzen duzuen urrea —erantzun hark.

Orduan lapurrak banaka-banaka jaitsi ziren tximinia zulotik, eta banaka-banaka ere pertzeko olio irakinetan kiskaldurik geratu ziren. Denbora galdu gabe, bi anaiek lapurren ondasun guztiak eskuratu zituzten. Eta handik aurrera, aberats baino aberatsago, lanik gabe bizi izan ziren. Eta fini.

audio entzun

© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

gora itzuli