Hasiera

Herritarrak protagonista: gu egile, gu eragile

Kutturru

Mikel Garmendia pertsona xume horietakoa izan zen 37 urte bete arte. CAFen ikasi eta lan egin zuen, baina baita familiako arraindegian ere; errondailan parte hartu zuen, dantza eta antzerki kontuetan, eta, askok eta askok, beharbada gogoan izango dute danborrada matutinan barrileroen zuzendari ateratzen zelako, barre artean serio.

Mikel Garmendia, ezizenez, Kutturru, pertsona moztaka zen, beltzarana, lagunen laguna eta alaia oso. Aldi berean Kixote eta Santxo ematen zuen: flakoxta izatez, erabat loditu zen gaixotasun baten eraginez. Dena dela, Kixote ere izan zen ausardia eta kemena behar delako 37 urterekin antzerki eskolan hasteko, eta gero bide horri tinko eusteko. Eta Santxo izan behar, sena izan behar, noski, gerora egokitu zitzaizkion hainbat rol eta nortasun interpretatzeko: aldarte oneko, umoretsu, etxekalte…

Antzerkigintzan, Ama begira zazu eta El florido pensil lanak nabarmendu ditzakegu; zineman, Kareletik —Balantxas zen han— edo Maite; eta telebistako telesailetan, Goenkale: zenbatek ez ote zion ‘Joxemari’ esango kalean zihoala ere! Ordiziatik Donostiara bizitzera joanda, hamaika tokitan, hamaika lanetan jardun zuen eta 1987an Cartagenan gizonezko aktore onenaren saria eman zioten. Tokitan geratu zen lehengo Mikel ordiziar xumea! Hala ere, saririk handiena jendearen estimazioa izan zuen, gure ordiziarra oso aktore preziatua eta estimatua izan baitzen. Hau guztia gogoratuta, inondik ere lehenaldia opari bihurtu zuen gizona ematen du.

Edurne alaba, antzerkia gustuko izan arren, Euskadi Gaztean ari da eta Mikel semeak filmen bikoizketa lana hartu zuen lanbide. Aitaren arrastotik hurbil samar biak ala biak ere.

audio entzun

© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

gora itzuli