Hasiera

Herritarrak protagonista: gu egile, gu eragile

Hiru eguneko asteburua

Gaur, andereñoak Xabier Urzanteren ipuin hau irakurri digu:

—Aspaldi handian, Nafarroako Tuteran, lagun egin ziren Ali, Miriam eta Joanes neska-mutikoak. Elkarrekin primeran ibili zirenez, hurrengo batean ere elkartzea erabaki zuten, hurrengo jaiegunean. Eta erabaki horrexek nahastu zituen, zeren, Ali, musulmana izaki, ostiralean agertu baitzen; Miriam, judua izanda, larunbatean joan zen; eta Joanes kristaua, ba igandean. Eta nahasketa horrek tristetu eta nahigabetu egin zituen: hirurek pentsatu zuten beste bi lagunek kale egin zutela, ez zutela berriro elkartu nahi izan.

«Gaitz erdi, hala ere, zeren hurrena, ustekabean elkartu zirenean eta dena argitu zutenean, erabaki ezin egokiagoa hartu baitzuten: ‘Jaia astean behin egin beharrean, zergatik ez dugu bakoitzak berea eta beste biena ere ospatzen? Hartara, akabo gure problemak!’. Eta harrezkero famatu egin zen Tuterako hiri noblea, hain zuzen ere astean hiru egunez jai egiten zutelako».

Eta a ze iskanbila piztu duen andereñoak; ipuinak, esan nahi dut. Batzuek esan dute horixe proposatu behar diogula Ordiziako alkateari: hiru eguneko asteburua. Horixe baietz! Edo lehendakariari bestela. Eta bakarren batek esan du Ordizian badugula hirugarren jai egun hori, hau da, asteazkena!

Barrez lehertzen ari ginela, andereñoak esan du azoka hitza arabieratik datorren bezala (zoco hitzetik; eta peria, berriz, latineko ferĭa-tik), alkate hitza al-kadi hitzetik datorrela, eta epaile, agintari esan nahi duela. Orduan andereñoa Zainari zuzendu zaio:

—Ba al dakizu arabieraz idazten?

Eta denok harria baino isilago geratu gara, ez bat eta ez bi, neskatila arbelaren eskuinera joan, eta ezkerrerantz idazten hasi denean!

يضاق

Orduan nik Katiari begiratu diot, errumaniarra delako, eta andereñoari esan diot:

—Onena, lau jai eguneko asteburua izatea!

Eta denak hasi dira:

—Ondo! Ederto! Bejair! Nu e rău! Altxa porru!

—Zuek bai zuek! —atera zaio andereñoari—. Ez: onena, ikasketak jai bihurtzea!

—Edozein modutan —gaineratu du Katiak—, alkate, errumanieraz primarul esaten da.

—Ondo! Ederto! Bejair! Nu e rău! —errepikatu du andereñoak, berak ere irribarrez, baina gero honela segitu du—. Aizue, baina jaiak alde batera utzita, pozik al zaudete Ordizian, zerbaiten falta nabaritzen duzue, zer egingo zenukete gure herriaren alde. Azalduko al diogu hori guztia alkateari?

audio entzun

© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

gora itzuli