Hasiera

Herritarrak protagonista: gu egile, gu eragile

Eskola garaiko oroitzapenak

Hona hemen Kattalinen familiakoen hainbat oroitzapen. Galdetu etxean edo inguruan, eta saiatu kontatzeko moduko oroitzapen edo pasadizo gehiago lortzen.

Amona Agedaren oroitzapenak:

Behin, Eskarabillako jaietan bi lagun dantza lotuan ari ginela, bi mutil dantza eskean etorri, eta haiekin hasi ginen: estreinako aldia zen mutilekin aritzen ginela. Baina kontakatiluren batek moja bati dena kontatu, eta hark errietan egin zigun. Karmeliten ikastetxetik eguerdian ateratzen ginen, baina mojak zigortu egin gintuen eta bi lagunok gelan beste ordubetez egon behar izan genuen. Kontu-kontari hasi ginen orduan, eta nire laguna mojari buruz gaizki esaka ere bai: erratza baino itsusiagoa zela, gaztetan inoiz ez ziotela dantzarik eskatuko, eta hau eta beste. Baina guk jakin ez atearen bestaldean nor eta moja zegoela, dena aditzen! Arratsaldeko eskolak hasi zirenean, mojak sekulako errietaldia egin zigun eta, jostorratz batekin, lagunari paper bat jarri zion ilean: «Hezigaiztoa eta ahoberoa naiz». Ohar horrekin gela guztietatik pasatzera behartu zuen eta gero ikastetxetik kanporatu egin zuten. Horra garai hartan nola ibiltzen ginen…

Aitona Peruren oroitzapenak:

Berandu ikasi genuen irakurtzen, bederatzi bat urterekin, baserriko lanak eskolakoak baino garrantzitsuagoak baitziren. Hala ere, irakurtzen ikasteko izugarrizko gogoa genuen. Lagun gezurtero samar bat bagenuen, eta egun batean hara non esaten digun irakurtzen ikasi zuela, eta ondo gainera. Orduan guk, gezurretan arituko zelakoan, periodiku paper mutur bat eman genion irakurtzeko. Eta lagunak hartu du egunkaria eta, buelta emanda egonagatik, tipi-tapa irakurtzen hasi zen. Orrialdeari nola heldu behar zaion jakin ez hark! ‘Motel, motel, zertan ari haiz?’, esan genion, ‘aldrebes ari haiz-eta. Horrela ez dek orria hartzen!’. Eta berak, batere larritu gabe: ‘Ikusten al dezue leitzen nola ikasi deten? Orria edozein eratara jarrita ere, irakurri egiten det. Ea zuek egiten dezuen!’. Hitzik gabe utzi gintuen.

Kattalinen aitaren oroitzapenak:

Ondo gogoan dut Santa Anan zegoen La Salleko ikastetxe barruan frontoi handi bat zegoela. Igandeetan pantaila puska bat jaitsi, eta fraileek frontoia zinema bihurtzen zuten. Lehen sesioaren aurretik joanda, mutil talde bat arduratzen ginen egurrezko eserlekuak lerroka jartzeaz, eta bi sesioak bukatutakoan, denak jasotzeaz. Pelikula bi aldiz ikusten genuen, hortaz, baina ordaindu gabe, eta ordaintzen zigutenarekin Ibañezenean edo Margarirenean goxokiak erosi, eta gero futbolinera jolastera joaten ginen, Cigales tabernara.

Kattalinen osabaren oroitzapenak:

Garai hartan eskolan jotzea ez zen horren harritzekoa ere. Gurasoek maisu-maistrei lasai jotzeko esaten zieten, umeak zentzatu eta formaldu gintezen. Irakasleen artean, bazen bat bereziki egurra eman zalea, belarrondokoen zalea, alegia. Behin batean, ikasturtearen bukaeran, honela galdetu zuen ikaskideen artean: aurten geratu al da gelan bakarren bat jaso gabe? (Jaso, kaskateko edo kolperen bat jasotzeaz ari zen, noski). Eta mutil bakar batek besoa altxatu zuenez, hari zuzendu zitzaion: ‘Etorri zaitez, polit hori’, eta mutila hurbildutakoan, dinbi-danba, bi belarrondoko eman zizkion. ‘Horrela ikusiko duzue denekin berdin jokatzen duda-la…’. Baina hori inondik ere ez zen egia, batzuek-batzuek besteek baino askoz geihago jasotzen zutelako…

© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

gora itzuli