Hasiera

Gure herriaren eraldaketa

Pertsonaia

Nikolas Lekuona pintorea baino sei urte geroago, 1919an, Xoxone izeneko baserrian jaio zen Lutxi Zaldua. Emakume saiatu eta iaioa, Donostian, Valladoliden eta Madrilen ikasi zuen, eta erizain, praktikante eta podologo izan zen. Horrela atera zuen bizimodua Filipineta kaleko Intsausti Berri etxean.

Aitona Peruk, behin batean, igarkizun hau erabili zuen hartaz hitz egiteko: ‘Pipitaki, papataki, zer da goizean lau hankatan ibili, eguerdian tente, eta iluntzean hiru hanka erabiltzen dituena’. Eta nik nekez asmatu nuen gizakia dela, umetan katuka, helduaroan zutika eta zahartzaroan makurka, makila edo makulu baten laguntzarekin dabilena. Aitonak igarkizun hau erabili zuen Lutxi beti lagun hurkoa laguntzeko pronto egoten zelako, txiki, heldu nahiz zahar izan, eta ordiziarrok munduratzen asko lagundu zuelako.

Hala bada, makina bat haurrek Lutxi bizitzaren lehen unetik beretik izan dute lagun. Emagina oinez, bizikletaz edo autoz ibiltzen zen, ‘Haurrek ez baitute erlojurik ekartzen… Gauza haundia da’, esaten omen zuen berak, ‘umea nola datorren, eta haren negarra sentitzea’. Amona Agedak, horren jakitun, esaten du negarrak gutxitan eragiten duela horrenbeste barre, haur jaio berriaren pozak ezin kabiturik. Lutxik ere esaten omen zuen, estualdiaren betean, erdiminetan, amari izugarrizko lasaitasuna ematen ziola eskutik heltzeak eta ni oso ados nago (beharbada horregatik agertuko dira hainbeste Lekuona pintorearen koadroetan).

Bitxia da, baina emaginak lagundutako haur horiexek gero Lutxirekin berarekin beldurtzen zituzten. Praktikantea izaki, hamaika injekzio eta txerto jarri izan zizkien, eta gurasoek umeak honela beldurtzen zituzten: ‘Zopa jaten ez baduzu, Lutxiri deituko diot’. Eta horrek mina ematen omen zion emakumeari: ‘Umea aurrez izutzen duzu eta mina haundiagoa izaten da’. Hain zuzen ere ume horiexei laguntzen jarraitu zuen ikastolaren sorreran.

audio entzun

© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta

gora itzuli