Nire amaren auzoa eskaileraz inguratua zegoen eta dago. Igo eta jaitsi. Bertakoak hala ibili izan dira bizitza osoan. Trenbideak ere, trabesak zeharkatua, eskailera horizontal bat dirudi eta trenak egun osoan dabiltza bertan. Atzera eta aurrera. Haien tirriki-tarraka eta zalaparta entzun arren, dagoeneko ohituta gaude. Edo ez: zarataren erruz telebistako filma entzun ezinik geratzen garenean, orduan pentsatzen dut ez gaudela ohituta. Gure etxean sardexka edo tenedoreari trenedorea esaten diogu…
Nire amaren auzoko umeak lehen luzaroan egoten ziren kalean. Jolasean edo bihurrikeriatan. Eta, neguan, jolasean izerditu eta gero, Garmendianeko okindegira hurbiltzen ziren. Hormaren bestaldean labea egon, eta bizkarra hormara hurbilduta, goxo-goxo egoten ziren. Kontu-kontari. Baina trenbidearen lerro bera segituz, ubide bat ere bazegoen, ur zikinak eramaten zituena, eta egun batean ume bat erori zen… Gizon bat balkoia pintatzen ari zen eta hara non ikusi duen eskutxo bat, larri, astinduka, uretan sartu eta atera dabilena. Gizona tximista baino azkarrago jaitsi zen eta uretatik umea bizirik ateratzea lortu zuen. Mutikotxoaren ama Andaluziakoa zen, lan bila etorritakoa, emakume xumea, eta, esker onez, botila bat olio eskaini zion gizonari: oliba olio on-ona.
Nire amaren auzoak beti esnagailu bat izan du. CAF-eko adarra. Tuuuuu. Horrek markatzen zituen langile jendearen joan-etorri presatiak. Baina urteetan ke adarra ere atera izan zaio. Umeek pentsatzen zuten bertan, trenen ordez, hodeiak egiten zirela. Hodei beltzak. Baina, egin, trenak egin izan dira, mundu osorako trenak, tttu-tttu!
Nire amaren auzoan bada Kale Berri izeneko kale zahar bat. Bertan, urteetan, Ugaldetarrenean limonada egin izan zen, eta gaur egun edariak saltzen jarraitzen dute. Denda txiki asko ere baziren, eta, sobra ere, ez zuten ordutegirik: edozein ordutan egoten ziren zabalik. Baita gaueko hamarretan ere. Eta txiripaz dena itxita egonez gero, bizilagunengana jotzea zenuen. Garai hartan, gainera, ateak denbora luzean egoten ziren giltzaz itxi gabe. Hala ere, esnea etxean bertan erosten zen, esnezalea bertaraino joaten baitzen. Gero, esnea dendan erosten hasi ziren. Eta orain ni neroni joaten naiz esne makinara.
Nire amaren oroitzapenik goxoenak, hala ere, festetakoak dira. Bertan oso festa politak egin izan baitira. Danborrada eta guzti. Diskoteka bat ere egon omen zen: Zigor… Eta larunbat gauetan trenen zalapartari autoen burrunbara gehitzen zitzaion, eta jendearen zarata, eta orduan ezin telebista entzun. Baina izozkitegi bat ere bazegoen: Ibañez. Eta, batzuetan, haurrak gominolak enpaketatzen eta laguntzen aritzen ziren gozo batzuen truke. Usain oneko oroitzapenak dira horiek.
Edozein modutan, nire amaren oroitzapenik hunkigarriena txakur batekin lotuta dago. Auzoan beti txakur bat egoten zen. Kale txakur bat. Eta ama bereziki batekin akordatzen da: Beltxa. Gutxi-asko, denek jaisten zioten jateko zerbait. Eta festa izaten zen txakurkumeak izaten zituenean. Baina orduan ez zioten Lutxi emaginari deitzen. Hala ere, amari injekzioa jarri behar ziotenean, bera ez zen beldur izaten, izan ere Lutxik, lasaitzeko, txakurra eramateko esaten zion. Eta praktikanteak zerbait goxoa ematen zion amari. Eta zerbait goxoa Beltxari. Oso txakurzalea baitzen Lutxi.
Horrenbestez, zein ote da nire amaren auzoaren izena?Asmatuko al zenuke?
entzun© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta