Aurreko asteazken batean, aitona Peru, Bixkor txakurra eta hirurok azokara jaitsi ginen.
- Ezagutzen al duzu Mari…? -hasi zitzaidan aitona, eta ni pixka bat harritu nintzen, baina galdera osoak berehala lasaitu ninduen-.
- Ezagutzen al duzu Mariaratsaldea? -Eta buruaz ezezkoa egin nionez, honela jarraitu zuen-. Gaur ezagutuko dugu ba, eta hortik inguratuko gara plazara.
Lehenago errota egondako tokia erakutsi zidan aitonak, eta erreka aldera jaitsi ginenean galdezka jarraitu zuen. Eta jolasean:
- Errekako hiru andre dira: aurrenekoak 'goazen' dio; bigarrenak 'egon gaitezen' eta hirugarrenak 'jolas gaitezen'. Nik papaita, zuk papaita: nortzuk dira?
- Itxoin, itxoin, emadazu denbora pixka bat -eskatu nion, erantzuna begien aurrean nuelakoan; eta buruan hazka ibili eta gero, pozaren pozez atera zitzaidan-: Badakit, badakit! 'Goazen' dioena ura da, 'egon gaitezen' dioena harria, eta hirugarrena amuarraina: 'jolas gaitezen!'.
- Primeran, Kattalingorri! Zu etxerako! -esan zidan aitonak-. Historia ere ura bezalakoa da, eta joan, joan, beti joan doa, azkar demonio joan ere… -Eta aitona Peru uraren antzera joan zitzaidan, atzera, oso atzera, haurtzarora-. Gogoan dut, ezbehar batean, gizon bat itsu geratu zela. Baina arrantzale amorratua izan, eta inguruetako erreketara joaten jarraitu zuen, arrantzan egitera. Eskuekin aritzen zen: eskuak uretan sartu, harriak poliki ukitu, kontu haundiz haztatu, eta, halako batean, zasta!, harria altxatu, eta beste eskuaz amuarrain ezkutatua ateratzea lortzen zuen. Hamaika ikusteko jaio garela esan zuenak ez zuen arrazoi falta.
Konturatu gabe Mariarats errekak Oriarekin bat egiten duen lekura iritsi ginen. Malkaskoko zubitik Aralarko ikusmira zoragarria ageri zen, baina aitonak behera begiratzeko esan zidan, ibaira. Kontatu zidan, garai batean, Orian arrantzan ibiltzen zirela, edo igerian; baina, gerrarekin aurrena eta industrializazioarekin hurrena, aldaketa handia izan zela, eta gure ondarea hondatzen hasi ginela…
- Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu -xuxurlatu nuen, amona Agedaren esaera gogoan, baina aitona gor samarra izan, eta ez zidan entzun.
- Jendea errekan iman handi batzuekin sartzen zen, fabrika haunditik -aitonak horrela esaten dio CAF lantegiari- uretara botatzen zituzten burdin zatiak jasotzera eta gero txatartegian saltzera. Gerran galdu edo botatako pistolaren bat ere topatu, eta goardiei ematera joaten ginen ziztuan. Pobrezia handiko egunak izan ziren, estraperloarenak, eta gorriak eta beltzak ikusi genituen orduan…
Aitonak esandako gauzen artean, bat izan da bereziki harritu nauena: gerrak, iraun, hiru urte iraun zuela, baina horren ondorena luze baino luzeagoa izan zela, 40 urteko gainbehera gogorra… Sobra ere, orain trenak egiten dituen lantegian, gerra garaian armak ere egiten zituzten.
Ordiziako ingurumaria erabat desberdina zen, nonbait: gaztainadiak zeuden, sagastiak eta artasoroak, eta baita garia ere! Eta, jakina, batez ere udazkena zen desberdina, ur garbietan islatuko ziren udazkeneko koloreak.
- Gu, noski, umetan sagarrak edo pikuak hartzera joaten ginen, eta kaminu jeneralean -aitonak horrela esaten dio errepide nagusiari- ibiltzen ginen jolasean, autoak-eta oso noizean behin pasatzen zirelako… Gero pinua sartu zuten eta paisaia erabat itsusitu zen. Dirua ematen zuen, azkar, baina lurrari ere kalte haundia eginda. Nik uste gizakiok ere itsutu egin ginela eta ez genuela ikusi nahi izan naturan egiten ari ginen txikizioa. Beste batean, Seattle buruzagi indiarraren berri emango dizut…
Aitona Peruren bizitza ere guztiz aldatu zen. CAF-en lanean hasi zenean, artaldea saldu, eta ardi buru bakar batzuk utzi zituen baserrian. Hala ere, berak dio artzain izan denak sekula ez diola uzten artzain izateari, horretan ez dagoela erretiroa hartzerik.
- Lehenago eguzkia zen gure neurria eta ordularia, baina gero fabrikako adarra izan zen. Tuuuuuu…! Eta hango egitekoak bukatuta, baserrira itzuli, eta hemengoetan hasi behar. Latz egiten genuen lan.
Aldatu zen paisaia, aldatu zenez, baina baita giza paisaia ere: Goierri, Euskal Herriko bailara asko bezala, industrializazio boladan sartu zen eta, langile faltan, jende asko etorri zen lan bila, beste hizkuntza eta kultura batekin. Euskaldunok lehenago ere ibiliak ginen, Ameriketan esate baterako, baina oraingoan hona etorri ziren. Eta haientzat etxeak behar, eta Ordizia ikaragarri hazi zen. Herrigunea txiki geratu, eta, aitona Peruk dioen bezala, bereziki 60ko hamarkadan suertatu zen aldaketa: Buztuntza, Oteginea, Altamira auzoak eraiki ziren…
- Hala ere -esan nion, andereñoaren esana gogoan-, Etxezarreta kalean, oraindik ere Erdi Aroko harresiaren hondakinak ikus daitezke.
- Zu etxerako, Kattalingorri, zu etxerako -esan zidan berriro ere, baina ordurako plazara iritsi, eta aitonak artzain lagun bat ikusia zuen.
entzun© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta